XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta jakina, nahiz ta idazle bikain izan, onean soil-soilik imitatu ta jarraiki beharr zaiela nabari da, eta ez makurr egin zutenetan.

Ganera, laphurtarr klassiko huni bertze dialektuetan edireiten diren berezitasun ta obari batzuk eratxikitzeko asmoak (litteratur-hizkuntzako batasunaren kaltetan eztenean, nabaski), asmo zuzen ta egokia iduri du.

Gauza guzti hoik, bada, begien aitzinean izaki, litteratur-euskara unifikatu hunek izan litezkeien arau, erregela eta zuzenbide nagosi batzuk ukituren ditugu hemen, Bilboko Urkixo'tarr Jul Elkargoak beretzat harturik dituenetatik aldatuaz.

Litteratur-hizkarak dituen lau alhorretan banaturik joanen dira: Ortographia, Morphologia, Syntaxis eta Lexikonari buruzko zuzenbideak, alegia.

1. Ortographia.- Erabaki zorrotz eta tinkoz, lehenbizian eta behin betiko garbiturik utzi beharr den alhorra, Orthographia da.

Litteratur-hizkuntza batez ere hizkuntza idatzia dela ezta ahantz beharr, eta hizkuntza idatziari jauntzia, soinekoa Orthographiak emaiten derauko.

Hitzak, Orthographiak emandako itxuraz sartzen zaizkigu begien barrena, eta behin idazte-molde bati ohitu ondoren, herabe izaiten dugu aldatzea.

Orthographiak duen gora behera handia ikhusteko, bi liburu, hizkuntza berean baino orthographia ezberdinaz eskutan hartu bertzerik eztugu: lehenbiziko kolpean behintzat, bi hizkuntza differenteak direla emaiten dute.

Idazte-molde bakar jakin batera denak ohituak egoiteak eta molde hautatu hori aldatzen ez ibiltzeak mesede handia egiten derauko litteratur-hizkuntzari, eta gizonaren aztura eta setak on hartu, eskatu eta are maite duen gauza da.

Beraz, nahiz ta azalari, gain-aldeari dagokon gauza dela uste izan, Orthographia gora behera tipiak zeatz eta zearo erabakitzea ardura handiko egitekoa da eta litteratur-hizkuntzaren batasunerako beharrenetakoa.

Euskaldun guztiak idazte molde bakharra har dezatela lortu beharr da, nahiz ta gero, idatziriko hitz oriek ahoz ebakitzean ezberdintasunak izan.

Hizkuntza idatzia ororentzat egina da, eta orthographian ezberdintasunak izaitetik behaztopa ez tipia sortzen da litteraturaren oro-lehia eta xede horren ardiesteko.

Orthographiaren bateratze hunen egiteko, bide plaun eta zabala, berriz, Euskaltzaindiak onetsi eta gomendiotan eman duen izkiribatzeko moldeari jarraikitzea dela erran beharrik eztago.

Jainkoari eskerrak, molde hori gauzarik geienetan behintzat hartu eta hedatu dela erran diteke.

Hala ta guztiz ere, ba dira oraindik Frantzi-aldeko euskaldunen eta hemengoen artean alde batzuk, ezberdintasun batzuk, erraiteko, x eta ch idazteko pontuan; guk x'i emaiten deraukogun soinu eta balioa ch'rekin adierazten dute heurak (ichildu: ixildu), eta beraz, guk tx jartzen dugunean, berak tch ibeni daroe, adibidez etchea, guk etxea.